GARA eta EUSKALDUNON EGUNKARIAn agertuta, 2002ko martxoaren 31a.


      «Espainian eta Frantzian ‘egoteko’ formula zaharrak berritu nahi dituzte»

      Euskal Herriaren bidea «oztopatzeko» egitura instituzionalek ez dutela balio dio ETAk agirian

      Aberri Egunaren atarian agiria helarazi du ETAk Egunkariara. Euskal Herriko egoeraren azterketa politikoa egiten du, «larrialdian» dagoela pentsatzen baitu. Eta errepresioaren eta ilegalizazioen gainetik, herriak erantzun behar duela adierazi du.

      «ETAk, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak 2002ko Aberri Egun honetan, Euskal Herriaren askatasun gabezia nabarmenagotzen den eguna izaki, egoera politikoaren gaineko bere hausnarketak helarazi nahi dizkio euskal jendarteari.

      Beste urte batez ere Euskal Herria aberritzat dugun herritar orok, euskal herritar bezala dagozkigun eskubideen aldarrikapenetan murgilduta igaroko dugu Aberri Eguna. Beste urte batez, jaia eta eskubideen aldarrikapenaren arteko maitasunaren testigu izango da Aberri Eguna. Milaka herritarrok harrotasunez ospatuko dugun eguna, gure herriko karriketan dela, jai giroan, espetxeko bakardadean, atzerrian, ihesean edota borrokan.

      Beste urte batez gure herriak Espainia eta Frantziarekin bizi duen gatazka egoera izango da egun honen ardatza, eta gatazkari amaiera emateko eman beharreko pausuak, alderdi desberdinek aireratuko dituzten mezuak. Tamalez, izango da mezu horietan gatazkaren oinarria alde batera utzi eta gatazkaren ondorio diren subjektuen desagerpenean bakea deitzen duten hori ikusten duenik, beti ere Euskal Herria erasotzen duten estatuekiko otzan egite horren inguruko aipamenik egin gabe.

      Ajuria Eneako lehenengo itunak lortu ez zuena nekez lortuko du egin berri duten Arkauteko itun honek; aldiz egoera hartatik sortu zen fase politiko berriaren garapena da segurtatu beharko duguna borroka eta erresistentziaren bidez bigarren itun hau lurperatuko dugunean.

      Ahoan bake hitza besterik ez duen orori, lehenik bakea ondoriotzat duen oinarria dela landu behar dena esan beharrean gaude. Bakea Euskadi Ta Askatasunaren su etenean oinarritzen dutenek begi bakar ikusten dute, eta gainera begi oker, eta bakea bere kabuz etorriko dela pentsatzen dutenei, bakeari ibiltzen irakatsi behar zaiola gogorarazi behar diegu. Euskal Herrira bakea ekarriko duen fenomenoa ez da su etena; hau oinarrizko arrazoiari irtenbidea aurkitzeak, prozesu politiko bat garatzeko oinarrien ezartzeak alegia, eragingo duen ondorioa da. Euskal Herriak bizi duen gatazkaren konponketa, oinarrizko arrazoiei aurre egiterakoan euskal herritarrok erabakitzeko eskubidea bermatua izatean oinarritzen da, gure herriari dagokion alor guztietako eta alor guztiekiko erabakitzeko eskubidea ukaitean alegia.

      Eskubide horiek ez dizkigu inork eman behar, erabakitzeko eskubidea pentsatzen ahal dugun unetik jorra dezakegun aukera delako; bai ordea eman behar zaigu erabakiko duguna errespetatua izango denaren bermea eta horixe da hain zuzen ere Espainiak eta Frantziak onartzen ez dutena. Hau horrela izaki gure esku dago dagokigun eskubideen jorraketa praktikoa aurrera eramatea eta hori Euskal Herriarentzako prozesu eraikitzaile baten gauzapenaren bidez baino ez dugu lortuko.

      Espainiak eta Frantziak ondo baino hobeto ulertu dute ezker abertzalearen estrategia. Antolakunde eta erakunde desberdinek jasan duten ilegalizazioa herri bezala antolatzeko egiten dugun apustuaren heinekoa da, alegia hauek desagertu arazi ezean gure herriaren bertebrazio juridiko-politikoa gelditzerik ez dagoela ulertu dute. Estatuek haien mozorro demokratikoa kendu eta barruko faxismoa eta jakobinismoa erakusten diguten honetan, euskal herritarrok estatuen estrategiaren aurrean etxean buru makur gelditzeko hautua egiten badugu edota etxe barruko politikakeria eta enplazamendu hutsaletan galtzen bagara, gaur egun askatasuna eskuratzeko dugun aukera bera errefusatzen dugula onartuko dugu, ondorengo belaunaldiei gure garaiko belaunaldiek jasan duten sufrimendua jasatera behartuz, askatasuna lortzeko aukera berriak eraikitzen dituzten bitartean.

      Euskal Herriak Espainia eta Frantziarekin duen gatazkaren amaiera, guztion eskubideetan oinarritutako prozesu politikotik sortutako konponbide demokratikotik etorriko dela sinesten duen euskal herritar orok, Euskal Herriari dagozkion eskubideen alde borrokatzeko beharra du. Norberak egokien irizten dion arloan eta moduan, helburu beren alde direnei oztopo egin gabe eta norberaren gabezien estaltzeko aitzakiarik ipini gabe.

      Gatazka politiko hau konpontzeko, atzerritik Euskal Herriaren eskubideen alde egiten duten honetan, guk inoiz baino indar gehiagoz aldarrikatu behar dugu gure herriarentzako autodeterminazio eskubidea eta gure herriaren lurraldetasuna. Espainia eta Frantzia bi eskubide hauek errespetatzeko prest izango direnean, Euskal Herrian bake iraunkor baten sustraiak sendotzen hasiko dira. Eta bitartean, segi dezagun herria eraikitzen, Euskal Herri gisa bizitzeko behar ditugun tresna juridiko-politikoak antolatuz eta hauek funtzionamenduan jarriz.

      Bide puska polita da orain artean egindakoa, nahiz eta ordaindu beharreko prezioa ere tamainakoa izan den.

      Tarte honetan asko izan dira ETAri bere armak uzteko eskatu diotenak ere; ETAk bere indar armatua errepresioa eta gatazkaren luzapenaren aldeko apustua egin duten eta egiten duten guztien aurka erabiltzeko apustua egiten duela da Euskadi Ta Askatasunaren erantzuna, herriaren defentsan eta etsaien erasoan erabiliko dugula gure indar armatua.

      Eta beren zeregin politiko nagusia aberastu, ondo bizi eta Euskal Herria eta Askatasunaren desagerpenean oinarritzen duten Ibarretxe, Sanz, Mayor, Lopez, Raxoi, Aznar, Chirac eta abarrei esan behar diegu beraiek baino lehenago hitz berak errepikatu eta asmo berberak izan zituzten askotxo ezagutu dugula. Eta porrot egingo dutela haiek ere porrot egin zuten bezalaxe.

      Euskal Herria krisian dago. Bere buruaren jabe izaten uzten ez dioten instituzioak dira nagusi, gaurko eta biharko erronkei euskal ikuspegi herritar batetik erantzuteko aukera txikiena ere ez dagoelarik. Orain arteko autonomi estatutu eta egitura instituzionalek ez dute gehiago balio Euskal Herriaren askatasun bidea oztopatzeko. Eta egoera horren aurrean Euskal Herriaren etsaiek iruzur berri bat dute prest, soberania eta askatasunaren bidean muzin egin eta Espainia eta Frantzian egoteko formula zaharrak berritu. Tamalez, lan horretarako abertzale zintzo askoren babesa lortu dute, ustez horrela Espainia eta Frantziari egokiago aurre egingo zaiolakoan.

      Euskal Herrian indikadore gehienak larrialdian daude. Ez da soilik Zuberoa auzolan nazionalaren beharrean dagoena: euskararen egoera eta bere aurkako erasoak, euskal irakaskuntzaren, euskal esparru sozioekonomikoaren eta euskal herritarren eskubide politilkoen aurkako erasoak ohikoak dira. Eta erantzun egin behar zaie eraso guzti horiei modu antolatuan eta eraginkorrean, kanpotik inposatzen zaigunari EZetz esanez, eta herritarrok eraikitzen dugunari BAletz esanez.

      Euskal Herrian salbuespen egoera dago. Euskal Herriaren aldeko borrokan aitzindari lana egin duen ezker abertzalea dago beti bezala botere faktiko espainiar eta frantsesen jopuntuan, bere tresneria errepresibo guztia prestu dute estatu biek eta planifikazio zehatzaren bidez jendartea lokarraraziz, aplikatzen ari dira. Haika, Askatasuna, Segi, Ekin legez kanpo utzi, Egin, Egin Irratia, Ardi Beltza itxi, kazetariak prozesatu, manifestazioak debekatu, razzia polizialak euskal herritarren aurka, egoitzen miaketak, tortura lazkarriak... Batasuna da botere judizial faxista espainiarrak legez kanpo jarri nahi duen hurrengoa. Demokrazia formalik ere ez dago, mozorroa kendu dute eta egoera hau gainditzeko bide eta modu bakarra euskal demokrazia erakitzea da.

      Baina Euskal Herrian borroka grina dago. Herri mugimenduek eta herritarrek egindako lan, protesta eta presioari esker dago bizirik Euskal Herria. Herria bizirik izateaz gain lorpen nagusia dugu eskaintzeko: askatasunaren bidea oraindik zabalik dago, eskura. Larrialdi eta salbuespen egoera horren aurrean errezeta bakarra dugu euskal herritarrok: antolatu, defendatu, haien proiektu zanpatzaileak erasotu eta herriaren eraikuntzan urratsak egin.

      Borroka eta duintasun ereduak milaka eskaini ditu ezker abertzaleak hamarkada luzeotan eta 2002ko Martxoaren 31 ko Aberri Egun honetan, Euskadi Ta Askatasunak independentzia eta sozialismoaren bidean jarriko gaituen Euskal Demokrazia lortu artean tinko eta gogor lanean jarraitzeko konpromisoa berresteaz gain, euskal herritarrek erasoen aurrean erakutsitako adorea eta konpromisoagatik zoriondu nahi ditu. Eguneroko borroka da estatuen faxismoa uxatu eta gure herrira haize berriak ekarriko dituen bidea eta guztioi dagokigu ahalegin horretan aritzea. Unerik zailenetan ere, hortzak estutu eta aurrera egiten jakin izan dugunez, Aberri Egun honetan ere gure borrokarako oihua ozen entzun dadila: Lepoan hartu eta segi aurrera!

      Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herria sozialista!

      Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!».


      E.T.A.

      2002ko Aberri Eguna

      Índice home